NNPEKek, ASPACEk eta Conservas Pedro Luisek, Lodosako Udalaren laguntzarekin, 5.000 kalabaza krema eta tomate frijitu kontserba-pote eman dizkiote Iruñeko Paris 365 jantoki solidarioari. Bigarren urtez jarraian, hilabete batzuk lehenago hasi zen ekimenak ekologia, elkartasuna eta inklusioa uztartzeko lankidetza-kate bat sortzea izan du helburu.
Ekintzak hiru faseetan garatu dira. Lehenik eta behin, irailean, ASPACEko erabiltzaile ibiltari talde batek kalabaza ekologikoen bilketan parte hartu zuen Conservas Pedro Luisen lursail batean. Kontserbak lehengai horrekin egin ziren. Joan den astean egindako bigarren urrats batean, ASPACEko neska-mutil ez-ibiltariak (gurpil-aulkian doazen pertsonak) Lodosara joan ziren, kontserba-fabrika dagoen tokira, egindako poteak jasotzera. Azkenik, Paris 365i dohaintzan emanez prozesuaren amaiera eman zitzaion.
Ekintza solidario honen bigarren edizioa da hau. Iaz 5.000 pote eman zitzaizkion Elikagaien Bankuari, eta esperientzia horrek errepikatzeko moduko gogoak sortu zituen parte-hartzaileen artean. Oraingo honetan, dohaintzaren onuraduna Paris 365 izan da.
Ekintza Borraja Komandoaren jardueren barruan sartzen da, NNPEKri atxikita dagoena eta elkartasunarekin, ekologiarekin eta zerbitzu publikoarekin lotutako ekimenak sustatzen dituena. Honi esker, pobrezia egoeran dauden 60 norbanako helduk eta adingabeak ardurapean dituzten beste 60 familiek Nafarroan bere kalitatezko produktuengatik ospe handia duen Pedro Luis kontserbetaz gozatu ahal izango dute. Eskerrik asko Paris 365en partez.
Testua: NNPEK, Paris 365ek moldatua