Ikusi irudi osoa
Leihoa murriztu

GizArte jaio da, artea eta elkartasuna uztartzeko Geltokiren proiektua

GizArte elkartasuna eta artea uztartzeko helburuarekin Geltokik bultzaturiko proiektua da, aurrerantzean urtero egingo dena. Edizio bakoitzean, azken urtean Geltokin beren lana erakutsi duten artistek eta bertako irabazi asmorik gabeko erakunde batek parte hartuko dute.

Artistek beren obrak eskuzabaltasunez eskaintzen dizkiote publikoari, erakundeak osorik jasoko dituen dohainen truke eskuratu ahal izan ditzan. Dohaintzak Geltokin egiten dira, online edo aurrez aurre, eta %80rainoko desgrabazioa egin dezakete Errenta Aitorpenean.

Nafarroako Gobernuko Kultura Sailak finantzatzen du ekimena, eta lehen edizio honetan bertako 18 artistek parte hartuko dute, horien artean Raúl Oloriz, Álvaro Mundiñano, Claudia Costaguta, Mikel Belaskoain, Alatz López, Sara Iraburu edo Ardi Beltzek. Ekarritako obrekin erakusketa kolektibo bat jarri da eta ikusgai egongo da gaurtik azaroaren 29ra arte. Egun horretan amaituko da ekimena, eta dohaintzak egin dituztenei artelanak emango zaizkie jai giroan.

Lehenengo edizio honetan, erakunde onuraduna Gizakia Herritar Fundazio izango da. Paris 365 bezala ezagunagoa, berezko nortasun juridikoa duen erakundea da, independentea, akonfesionala, irabazi-asmorik gabea, baliogarritasun publikokoa eta interes orokorrekoa, Justizia Sozialaren eta Giza Eskubideen defentsan lan egiten duena.

Bere eginkizun nagusia boluntarioen bitartez Iruñean eta Iruñerrian elikaduraren oinarrizko beharrizan asetzea da, zaurgarritasun egoeran dagoen bizilagun orori euro baten truke egunean hiru otordu emanez Iruñeko San Lorentzo kaleko jangelan. Baliabide ekonomiko nahikorik ez duten familien kasuan, etxean sukaldatzeko elikagaiak eskuratzea ahalbidetzen dute, Arrotxapeko biltegiaren bitartez. Gainera, neguan etxegabeentzako salda beroa banatzen dute kaleetan zehar.

Baliabide hauek guztiak mantentzeko, Fundazioak 400 bat boluntario eta 700 bazkidetik gora ditu, dohaitza ugari jasotzen du eta bigarren eskuko arropa eta bestelako produktuen bi denda kudeatzen ditu Iruñeko Alde Zaharrean. Aurten GizArte ekimenaren bidez jasotako dohaintzak Paris 365 finantzatzeko erabiliko dira oso-osorik.

Modu honetan, Geltokik bultzatutako ekimenak Gizakia Herritar Fundazioa kulturarenn munduan bete-betean murgilduko du beste behin. Izan ere, erakundeak aspalditik argi dauka elkartasuna ezin dela soilik beren kabuz oinarrizko beharrizanak asetu ezin dituzten horiei laguntzera mugatu, denok baitugu bizirautetik haratago bizitzaz gozatu ahal izateko eskubidea.

Horregatik, azkenaldian Paris 365ek Teatro Dix antzerki festibalean parte hartzen du, jangelako erabiltzaileak ‘Aporofobia STOP’ antzezlanean parte hartu dute eta geroz eta ekimen gehiago egiten dira kultur alorreko pertsona zein erakundeekin elkarlanean.

Itxi