Paz de Zigandako kolaborazioa Paris 365ekin ez da berria, baina oraingoan ezohiko zabalpena izan du. Hezkuntza zentroak urteak daramatza hilabetero entitate solidarioaren biltegiko estantetan gehien falta diren produktuak familiei eskatzen eta dohaintzan ematen. Datorren ikasturteko Nafarroa Oinez jaialdia Atarrabian kokatuta dagoen Ikastolan ospatuko dela eta, ekimena nafar lurralde osoko beste ikastoletara luzatzea erabaki dute ikasturteko azken bilketan, Buruz, bihotzez, ELKARTASUNEZ, oinez! lelopean. Proposamena maiatzaren 26 eta 29 bitartean gauzatu zen eta atxikipen betea lortu da.
"Erantzuna, beste behin ere, erronkaren mailan egon da, eta Paris 365 babesteko mugitu diren familiei eskerrak baino ezin dizkiegu eman", nabarmendu du Paz de Ziganda Ikastolako Batzordeko Diego Loperenak, Nafarroako Ikastolek zabaldu duten albistean ageri denez. "Ikastola guztiak berehala eta aho batez prest egon dira ekimen solidario honen parte izateko”.
Izan ere, Nafarroako 15 ikastolak, hau da, guzti-guztiak, bat egin dute elkartasun proposamenarekin:
Azken bi hauetan Paris 365eko kideak berriki egon izan dira ikasleekin horrelako dohaintzak zertara bideratzen diren azaltzeko. Paz de Zigandaren kasuan urte luzez egin izan den kolaborazioa izan da DBH 2. mailakoekin hitzaldiak emateko arrazoi nagusia eta, San Fermin ikastolaren kasuan, 3. urtez jarraian LH 6. mailakoekin egin izan den hezkuntza proiektu kolaboratzaile eta solidario bat.
Paris 365eko presidente den Josean Villanuevak eskerrak eman dizkie Ikastolei eta horrelako ekimenek "harrotasunez betetzen gaituzte eta aurrera egiten laguntzen digutela" azpimarratu du. Halaber, entitateak berak etorkizunean kolaboratzen jarraitzeko edo elkarlanerako bide berriak zabaltzeko aukera eskeini nahi dio Nafarroako Ikastolen Elkarteari.