Ikusi irudi osoa
Leihoa murriztu

Paris 365ek 2022ko memoria aurkeztu du eta "harrera efektua" defendatu du "erakartze efektuaren" diskurtsoaren aurka

Josean Villanueva Oyarzábal, Paris 365eko lehendakaria; Oihana Barrios Salinas, patronatuko batzordekidea; Myriam Gómez-García, koordinatzaile-kudeatzailea; eta Mikel Urabaien Otamendi, komunikazio arduraduna, izan dira bozeramaileak hedabideen aurrean. Jarraian, prentsa oharra bere osotasunean irakur dezakezu. Memoria gure argitalpenen sailean aurki dezakezu.

Nafarroako pobreziaren adierazleek argazki autokonplazientea erakusten digute, baina Nafarroan pobrezia bizi duena beste autonomia-erkidego batzuetan bezain pobrea da.

Kausen azterketan ezin ditugu kanpo faktoreak alde batera utzi, hala nola koronabirusa, Ukrainako gerra edo migrazio-fluxuak. Era berean, ezin ditugu ahaztu Atzerritartasun edo Etxebizitza legeak, ezta bazterkeria egoeran dauden pertsonek baliabide publikoak eskuratzeko duten ezintasuna. Irtenbidea borondate politikoan datza.

Zailtasun guztiak gorabehera, 2022an beste urte batez Parisen gai izan ginen laguntza bila joan ziren pertsona gehienen oinarrizko elikadura eta janzkera beharrak asetzeko. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu boluntarioei, langileei, erabiltzaileei, emaileei eta bazkideei.

Hala ere, ez dugu ahaztu behar Paris 365 desagertzeko helburuarekin jaio zela, eta, gure jantokitik eta gure biltegi solidariotik kanpo, justizia sozialaren helmuga are gehiago urrundu dela 2023an.

Zoritxarrez, egungo krisi-testuinguruan, gure baliabideek ez dute aukerarik ematen sistema publikoak beren kasa abandonatutako pertsonen eskaera guztiari erantzuteko.

Baina guk ez dugu hazteko grinik, guztiz kontrakoa baizik. Argi daukagu gure papera sistema publikoaren zuloak estaltzea dela, gabezia horiek salatzen ditugun bitartean.

Azken urtean ikusi dugu gero eta jende gehiago bizi zela kalean, eta, beraz, gure eragin politikoaren zati handi bat erroldan zentratu dugu.

ERROLDA, ESKUBIDEEN GILTZA EDO GILTZARRAPOA?

Jaiotzen den lekuan bizi denarentzat hain naturala den Errolda gure eskubiderik oinarrizkoenen giltza da: bizileku eta lan baimena, pasaportea, gidabaimena, Errenta Bermatua, Nafarroako Enplegu Zerbitzua, Babes Ofizialeko Etxebizitza, osasun arreta, bozkatzeko aukera, etab.

Etxebizitza finkoa udalerri batean duten pertsonen erregistroa arautzeaz gain, legeak erroldatze aktiboa arautzen du. Hau da, etxerik gabeko pertsonak inskribatzea, betiere Gizarte Zerbitzu publikoek horren berri badute.

Baina Paris 365ek eta beste kolektibo sozial batzuok hilabeteak daramatzagu salatzen politika publikoak askotan erakartze efektuaren logikatik egiten direla, eta ez harrera efektuaren logikatik.

Horrela, migratzaile zein bertako asko, alokairu beltzeko kontratuak dituztenak edo kalean daudenak, sistemaren ertzetan geratzen ari dira.

Errealitateak, ordea, gezurtatu egiten du erakartze efektuaren diskurtsoa. Migratzaileak hainbat faktoreren arabera joko dute toki jakin batera, hala nola lan eskaintzak, hizkuntza edo diasporak.

Halaber, datuek kontrajartzen dute migrazio gutxiko udalerrietan soilik berma ditzaketela laguntzak. Izan ere, Bartzelonan, erroldatze-eredu aktiboaren erreferentzia den Udalean, biztanleriaren %22 migratzailea da. Iruñean, berriz, %11 soilik.

Testuinguru horretan, zoritxarrez, elkartasunak oinarrizko premiak asetzen ditu ia beti, ez baitago gehiagorako baliabiderik. Paris 365en gure zeregin nagusia elikadura duina bermatzea da, baina batzuetan boluntarioek haratago doazen ekintza zoragarriak egiten dituzte.

Hori bereziki ezinbestekoa da erabiltzaile gazte migratzaileekin, biziraupen hutsetik gaindiko motibazioa behar baitute bizimodu hobe baten aldeko borrokan ez etsitzeko.

GAZTE MIGRATZAILE PROFILA

Jantokiko erabiltzaileen profilak aldaketa nabarmena izan du pandemiaz geroztik. Egia da adin handiagoko pertsonak mantentzen ditugula, Iruñean jaio zirenak edo duela urte askotatik bertan bizi direnak. Hala ere, orain askoz gazte gehiago dago, batez ere Magrebetik etorritakoak.

Kontuan izan behar da tokiko gazteek familia sareak dituztela, eta, horiei esker, ez dira bazterkeria larrian erortzen, gazte migratzaileak bezala, askotan adin nagusitasuna bete baino lehen irsten direnak.

Gazteak pobrezia-arriskuan daude. Lan-prekarietateak edo gero eta beranduago emantzipatzeak nabarmen ahuldu dute bertako gazteen osasun mentala. 

Eta zer esan gazte migratzaileei buruz? Paris 365en elikadurarekin eta arroparekin laguntzen diegu batez ere, baina 2022an aisialdia erdigunean jartzen zuen ekimen bat sortu zen.

AISIAREN ALDEKO APUSTUA

Zaletasun amankomun bat identifikatu genuen eta Katakraken dirulaguntzari esker Paris 365 jangela solidarioaren erabiltzaileek osatutako futbol taldea sortu ahal izan genuen. Gehienak kale egoeran zeuden. Aldagelek eta aseguru medikuek, gainera, higiene eta osasun arretaren bermea suposatu zuten.

Bere liga irabazi ondoren film baten gisako amaiera izan zuen urte arrakastatsu baten ostean, iragarki bat dugu egiteko: Arabieraz familia esan nahi duen Aelia izeneko elkartea sortu dugu, hemendik aurrera taldea kudeatuko duena.

Horrela, Paris 365 berriro ere bere funtzio nagusian zentratu daiteke. Aldi berean, esan dezake aisialdiko beste proiektu berri baten sustatzaile izan zela. Gogoratu beharra dago urtebete leheneago erabiltzaile talde batek Aporofobia stop antzerki obran antzeztu zuela.

GIZARTEARI DEIALDIA

Egungo krisi-testuinguruan, Paris 365eko proiektua independentzia ekonomikoarekin gauzatzen jarraitzeko, gizarte-finantzaketa handiagoa behar da. Oso modu errazean, www.paris365.org webgunean posible da unean uneko dohaintza bat egitea edo bazkide gisa izena ematea. Kuotaren aldizkakotasuna eta zenbatekoa librea da, urtean 20 euroko gutxienekoarekin.

Itxi