Ikusi irudi osoa
Leihoa murriztu

15 urte berdintasunez elkarkidetasuna elikatzen

Paris 365ek bere 15. urteurrena ospatu zuen 2023ko azaroaren 23an Geltokin. Gizakia Herritar Fundazioak bere komunitate osoa omendu zuen eta konpromiso gehien duten bolondres batzuei errekonozimendu plakak eman zizkion. Gainera, Ibai Ganuza eta El Drogasen kontzertu batek eta Endika Legarraren bertsoek jaialdia girotu zuten.

Ekitaldian Pariseko ehun boluntario, bazkide eta kolaboratzaile baino gehiago bildu ziren, eta bertan izan ziren Mari Carmen Maeztu, Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubide, Gizarte Ekonomia eta Enplegu kontseilaria, eta Patxi Vera Donázar, Nafarroako Arartekoa. Gizakia Herritar Fundazioak aukera aprobetxatu zuen 2023ko memoria aurkezteko eta jarraian txertatu dugun idatziaren inguruko prentsaurrekoa egiteko:

Gaur Paris 365en 15 urteurrena ospatzen dugu. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan, atsedenik gabe. 15 urte, familiei astean oinarrizko saski bat banatzen, hilean 2 euroren truke. Azken finean, 15 urte Iruñean eta Iruñerrian pobrezia egoeran dauden pertsonen elikadura eta janzkera duina bermatzen.

Horregatik, gure boluntarioek, bazkideek, emaileek eta pertsona edo erakunde laguntzaileek egiten duten lana aitortu nahi dugu. Eskerrik asko!

Omenaldirako ekitaldi hau, gainera, balantzea egiteko aukera paregabea da: 15 urtetan, milioi erdi gosari, bazkari edo afari daramatzagu zerbitzatuta. Hau da, egunean 80 inguru. Era berean, 11.000 pertsona baino gehiago artatu ditugu, egunero 2 pertsona desberdin.

Paris 365ek paparra ateratzeko moduko zenbakiak dira. Azkenaldian asko entzun dugu Machadoren esaldi hura, Herriak bakarrik salbatzen du herria dioena, baina nahiago genuke salbatu beharko ez balu. Hori da gure helburua.

Aipatu ditugun zifrek erakundeetan gorritzeko ere balio izatea nahi dugu, badakigulako egiturazko pobrezia egiturazko gelditasunaren ondorioa dela.

Gelditasuna, gero eta pertsona gehiago daudelako kalean lo egiten Iruñean: 51 aterpetxetik kanpo geratu ziren azaroaren 13an.

Gelditasuna, oinarrizko gizarte zerbitzuek ez dutelako irtenbiderik ematen: Paris 365 jantokiko erabiltzaileak gure laguntzari esker mantentzen dira ia 9 hilabetez, batez beste, eta joera luzatzen doa.

Gelditasuna, haurrei zuzendutako larrialdiko baliabideak ere ez direlako nahikoak: Teorikoki, Pariseko despentsaren erabiltzaileek asteko oinarrizko saskia eraman dezakete 6 hilabetez. Baina azken urteotan salbuespena arau bihurtu da, eta ia arreta guztiek gainditzen dute epe muga hori.

Gelditasuna, duela hilabete asko ez dagoelako aukerarik Atzerritartasun bulegoan hitzordua eskatzeko, ezta nazioarteko babesa eskatzeko ere. Zein laguntzaz baliatzen direla diote eskubide oinarrizkoenak ere bermatuta ez dituztenak?

Horregatik guztiagatik, 15 urte geroago, sistemaren lotsak estaltzen jarraitzeko betebeharra sentitzen dugu, eta, beste behin ere, herri elkartasuna eskatzen dugu horretarako. Norbaitek lagundu nahi badigu, une honetan batez ere esnea, olioa, hilekorako produktuak eta pixoihalak behar ditugu. Edozein kolaboraziorako, bide guztiak zabalik ditugu gure webgunean.

Eskerrik asko elkartasuna elikatzeagatik.

Ezkerretik eskuinera eta goitik behera: Jose Miguel Olaiz Zoroquiáin (omendutako bolondresa), Oihana Barrios Salinas (Paris 365en patronatuko batzordekidea), Josean Villanueva Oyarzábal (lehendakaria), Inmaculada Guallar Atrian (omendutako bolondresa), Julia Albisu Lerga (omendutako bolondresa), María Victoria Urdániz Urroz (omendutako bolondresa), Ibai Ganuza Areta (omendutako langilea), José Luis Carreras Cuesta (omendutako bolondresa), Benjamín Bildarratz Iribarren y Koldo Garaioa Armendariz (biak omendutako Huertas Amigas elkartearen kideak).

Itxi