Ikusi irudi osoa
Leihoa murriztu

Inklusio prozesuak laburtzeko koordinaketa gehiago eskatu du Paris 365ek Nafarroako Legebiltzarrean

Josean Villanueva (lehendakaria), Myriam Gómez-García (koordinatzaile-kudeatzailea), María Argain (gizarte langilea) eta Mikel Urabaien (komunikazio arduraduna)  izan dira bozeramaileak, Gizarte Eskubideen Batzordeak eskatuta. Jarraian, agerraldiaren testua duzue.

Paris 365 elkarteak 15 urte baino gehiago daramatza bazterkeria-egoera larrian dagoen kolektiboari laguntzeko eta bere errealitateaz sentsibilizatzeko lanean. Batez ere, elikaduraren pobrezia desagerraraztera bideratutako lana egiten du. Azken urteotan, erabiltzaileen profil berri bat gehitu zaio gure baliabideari, eta irudimen handia gehitu behar izan diogu gure ohiko lanari, administrazio publikoek eta hirugarren sektoreko erakundeek gure ardurapean duten babes-sistema gainezka dagoelako.

Alde batetik, atzerritartasun lege murriztaile batek itotako biztanleria migratzailea dugu, gutxieneko bizimodu duina izatea ukatzen zaiena. Bestalde, profil horri erantzuten ez dion gizarte bazterketako egoeran dagoen biztanleriak hazten jarraitzen du, AROPE tasa bezalako azterlanek islatzen duten bezala. "Gabezia material eta sozial larria" duen biztanleria %7,7tik %9ra igo da Nafarroan, 2015etik izandako tasarik altuena.

Datu horiek ez dira eskaria handitzearen ondorio soilik, artatzen ditugun pertsonen prozesuak kroniko bihurtzearen ondorio baizik. Hau da, lehen jangelan txandakatze gehiago zegoen. Gaur egun, erabiltzaileak gutxienez zazpi hilabetez egoten dira jantokian. Horrek esan nahi du epe hori igaro arte ez dutela lortzen beren kabuz duintasunez elikatzeko adinako independentzia ekonomiko eta soziala berreskuratzea.

Ondo uler dadin: lehen pertsona bat 3 hilabetez jantokian bazegoen, urtebetean plaza bat 4 pertsonak betetzen zuten. Orain baliteke pertsona bakar batek betetzea plaza hori urte osoan. Horregatik, gainerako hiru pertsonak zain geratzen dira eta, normalean, kalean. Kasu horiek guztiak bolumenaren arabera artatu ditzazkeen sistema batean metatzen dira, baina, era berean, sistema horrek ez du errealitate berrira egokitutako tresna nahikorik.

HITZORDUEN KOLAPSOA

Gogoratu nahi dugu jantokian artatzen ditugun ia 60 pertsonez gain, bazterketa prozesuak eta gabezia material larriak dituzten familiei eskainitako baliabide bat ere badaukagula: biltegi solidarioa. Bertan, ia 70 familiari ematen diegu laguntza, astero elikagai saski bat eskainiz.

Orain arte, gure jantokiko eta despentsako erabiltzaileen egoera zailaz hitz egin dugu. Baina zer esanik ez Paris 365en hitzordua ere eman ezin diegun pertsonei buruz, bi baliabideak beti beteta daudelako.

Aipatu ditugun arazo guztiez gain, egun horretan jan ahal izango duten kezkatu behar duten erabiltzaile potentzialei buruz ari gara.

ARRETA URRIA

Hori dela eta, azken urteotan pixkanaka degradatu egin dira artatzen ditugun eta artatu ezin ditugun pertsona horiek guztiak, maila guztietan: fisikoa, mentala eta abar. Izan ere, kasu gehienetan, haien bizitza gero eta gordinagoa den ingurune batean bizirautean soilik oinarritzen da.

Jangelan hitzorduak eman ditzakegunerako, degradazioa iraultzea zaila da Paris 365en laguntzarekin. Baliabide hori, funtsean, elikadura eta janzkera duina bermatzera bideratuta dago. 

Erabiltzaileen prozesuetan laguntza asko eman arren, ez gara iristen artatzen ditugun profilen behar gehienak asetzera, eta, ezinbestean, larrialdiko laguntza baliabide hutsa izatera pasatzen gara.

Une honetan gure baliabideek gainezka egiten dute, bi mailatan: alde batetik, ezin diegu arreta eman behar duten pertsona guztiei, eta, bestetik, ezin diegu behar bezalako arreta eman artatzen ditugun pertsonei.

SARE LANA

Horregatik, soluzioak elkarlanean bilatu behar ditugu. París 365 Nafarroako Fundazioen Elkarteko kide da, bai eta Pobrezia eta Bazterkeriaren Kontrako Nafarroako Sarean zein Ekonomia Sozial eta Alternatiboen REAS sarean ere bai.

Azken bi sare hauetan, bereziki, gure sektoreko beste hainbat erakundeekin harremanetan gaude etengabe. Era berean, beharrizanak partekatu eta irtenbide amankomunak bilatzen ditugu gure artean. Horien arabera, bestelako foroak sortzen dira, esate baterako, neguan kale egoeran dauden pertsonen arretarako.

Hainbat kolektibo gaude bertan, batzuk aipatutako erakundeetan saretuak eta beste batzuk hortik kanpo. Paris 365etik, kaleei dagokienez, Salda beroa banatzeko baliabidea abian jartzen du neguan zehar. Horrelako proiektu ezberdinen baturak koordinazioa exijitzen digu hirugarren sektoreko erakundeei, baina eragile politiko izatea ere bai, gauzak errotik aldatu nahi baditugu bederen.

Zentzu honetan, instituzioei azpimarratzen diegu beti faltan botatzen dugula haingandik koordinatzeko eta egungo egoerara egokitzeko ahalegin handiagoa. Arreta integrala behar dugu pobreziaren aurkako borrokan.

LAN KOMUNITARIOA

Beste askotan ere, hirugarren sektoreko ohiko saretatik kanpo batzen ditugu indarrak. Horrela lortzen dugu gure jasangarritasun ekonomikoa, herri-elkartasunaren bitartez eta hainbat enpresa nahiz erakundeekin kolaborazioak edota dohaintzak hitzartuz. 

Halaber, batzuetan arduratzen gaituzten egoera hurbilak dira salbuespeneko ekintzak egitera bultzatzen gaituztenak. Hori izan da azken aldian txandak birrantolatzera eraman gaituena. Dakizuen bezala, duela hilabete bat udaberrira arteko gure afalordu presentzialen behin-behineko itxiera aditzera eman genuen.

Gaur egun afaria jantokiko bazkalorduan tupperretan banatzen ari gara. Garrantzitsua zaigu tupperrak kudeatzean erabiltzaileek erakutsi duten erantzukizuna nabarmentzea eta balioestea, eta horiek garbi itzultzen direla ziurtatzea. Izan ere, kontuan hartu behar da artatzen ditugun pertsonen erdia baino gehiago kale egoeran dagoela, eta horrek esan nahi du ontziak garbitzeko ibaietara edo erabilgarri dagoen beste edozein ur iturrira jo behar dutela. Hau da, erabiltzaileek ulertu zuten egoera, erabakia babesten dutela erakutsi digute eta soluzioaren parte aktibo bilakatu dira.

Afarien birrantolaketa honen kausa ez da bakarra: Iruñerriko pobreziari ikusgarritasun publikoa ematea, instituzioen gelditasuna salatzea, San Lorentzo eta inguruko kaleetako bizikidetasun arazoak konpontzea, Paris 365eko komunitatearen segurtasuna bermatzea eta gure protokoloen inguruan barne hausnarketa bat egitea. Eta kausa bakarra ez denez, egin beharrekoak ere konplexuak dira.

Oraingoz, harremanak estutu ditugu erakunde publikoekin eta auzotarrekin, irtenbide baten bila. Testuinguru horretan kokatzen dira azken asteotan egiten ari garen auzo bilerak eta Legebiltzarrean egiten ari garen agerraldia. Bertan, lurraldeen eta sailen arteko koordinazio handiagoa eskatzen dugu, gizarteratze prozesuak laburtuko dituzten gizarte zerbitzu integralak lortzeko.

Itxi