“Jantokian ez dugu plaza librerik” izan da azkenaldian Gizakia Herritar Fundazioa/ París 365en gehien errepikatu dugun esaldia. Bi arrazoi nagusi daude: Alde batetik, erabiltzaileek denbora gehiago ematen dute jantokian; bestetik, sartzeko beharra duten pertsona gehiago dago. Hau da, pobrezia gero eta sakonagoa da dimentsio pertsonalean, eta gero eta zabalagoa dimentsio sozialean.
Irtenbideen bila, urrian itxaron-zerrenda sistema bat jarri genuen martxan, arazoaren tamaina islatzen diguna: lau hilabete eskasean 140 pertsona inguru erregistratu ditugu, eta horietatik 20k bakarrik lortu dute jantokian sartzea.
Baina benetako irtenbideak kanpora begira eta koordinatutako ekimen bat behar du. Izan ere, askotan pobrezia egoeran dauden pertsonak atez ate ibiltzera behartzen genituen, eta ia denak itxita topatzen zituzten. París 365en kezka handia dugu tratu duinarekin, eta uste dugu baliabide jakin batean plazarik ez izateak ez lukeela inoiz inolako arretarik ez eskaintzeko aitzakia izan behar.
Azalpenak ematea gutxieneko betebeharra da, bereziki administrazio publikoarentzat, eta betebehar horren hutsune nabarmen baten aurrean, París 365etik estali nahi izan dugu. Gaur aurkezten dugun Iruñeko Elkartasun Gida hilabetetako hausnarketa eta lanaren emaitza da, pertsonak baliabide sozial eta solidarioetan sartzeko prozesuak orientatu eta laburtzeko asmoz.
Horretarako, mapa batean bildu dugu —sei hizkuntzatan eta hiru alfabeto desberdinetan— arreta zuzena eskaintzen duten 31 erakunderen informazioa. Sei behar desberdinen estalduraren arabera sailkatuta daude eta, aginera, Iruñerriko gizarte zerbitzu publiko guztiak ere jasotzen ditu gidak.
Era berean, bi deialdi egin nahi ditugu:
Lehenik eta behin, laguntza behar dugu Iruñeko Elkartasun Gida inprimatzeko, zabaltzeko, hizkuntza gehiagotara itzultzeko eta banatzeko, ahalik eta irismen handiena duen tresna erabilgarri bihur dadin. París 365etik konpromisoa hartzen dugu modu masiboan partekatzeko, eguneratzeko eta bertan agertzen ez diren baina parte hartu nahi duten arreta zuzeneko erakundeak gehitzeko.
Bigarrenik, París 365ek ekimen hau abian jartzera bultzatu duen egoera ez da bere egoera ekonomikoaz besteko zerbait. Horregatik, duela gutxi gure oinarri soziala handitzeko kanpaina abiatu dugu, 365 bazkide berri batzeko xedez, ekarpen librearekin. Dagoeneko 60 pertsona gehitu dira, baina oraindik bultzada handia behar dugu 2020tik %20ko prezioen igoerari eta dohaintzen jaitsierari aurre egiteko.
Eskerrik asko itzulpenean parte hartu duzuen pertsona bolondres guztiei: Saeed, Ella eta Koine-Aequalitaseko erreferenteen taldea.